XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Ez iezaiek jaramonik egin -aholkatu zuen Narraski-Saski jaunak. Behartsuegiak gaituk. Sagarrak behar ditiagu. Ez hadi horrela jarri, Percy.

- Karitatea -esan zuen Percyk. Nik ez dut karitaterik nahi.

- Hago lasai -esan zion Narraski-Saski andreak. Txorimalo bat asmatuko diagu txoriak haien sagarretatik uxatzeko. Behar bezalako trukea izango duk, ez karitatea.

Eta txistuka aldendu zen txorimaloa prestatzera.

- Gorrotagarria da nola egiten duen txistu -esan zuen Percyk. Buruko mina ematen dit.

- Garbiketa egitea sendagai ezinobea duk buruko minarentzat -aholkatu zion Narraski-Saski jaunak.

- Oso barregarria -erantzun zion Percyk garratz. Eta gainera, Bakarrik-Egiten-Den-Ohea bukatu behar luke lehendabizi.

- Bukatuko dik -esan zion Narraski-Saski jaunak. Baina lehendabizi txorimaloa egingo dik.

Hoa orain ea tipularen bat edo azenario batzuk aurkitzen dituan, eta nik geratzen diren azken masustak bilduko ditiat.

- Masustak eta tipulak -esan zuen Percyk, bekosko iluna jarriz.